Aurten, 50. urteurrena beteko du Ingurumenaren Mundu Egunak, eta egun hori ospatzea inoiz baino esanguratsuagoa izango da. Ezagut itzazu egun honen historia eta helburuak, eta lagundu iezaguzu #PlastikoenOndoriozkoKutsadurarikGabe dagoen mundu bat sortzen.
50 urte, ingurumena ospatzen
1973ko ekainaren 5a lehen Ingurumenaren Mundu Eguna izan zen, eta 50 urte geroago ingurumen-dibulgazioaren gaian ekitaldi garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du. NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak zuzenduta, egun honen helburua da kontzientzia sorraraztea presazkoenak diren ingurumen-erronken gainean eta bai aldaketak bultzatzea ere nazioarteko ingurumen-politikan.
Urte bakoitzean berariazko gai batean jartzen du arreta, eta aurten, plastikoen ondoriozko kutsaduraren irtenbideak bilatzean jarriko du arreta-gunea, “Plastikoen Ondoriozko Kutsadurarik Gabe” lelopean. Izan ere, hondakin horiek munduko txoko guztietara heltzen ari dira. Urtero 400 milioi tona plastiko baino gehiago ekoizten dira, eta haietatik % 9 baino ez dira birziklatzen, % 12 erraustu egiten dira eta gainerakoak zabortegietara edo ingurumenera iristen dira.
Kutsadura honen eraginak agerikoak dira jada animaliengan eta landareetan: habitatak suntsitzen ari dira, biodibertsitatea galtzen ari da… Gainera, mikroplastikoak, handiagoak diren hondakinak deskonposatzean sortuak, uretan daude, airean eta bai gure janarian ere. Horrenbestez, inoiz baino premiazkoagoa da arazo honi irtenbideak bilatzea, eta gure ingurune hurbilenean has gaitezke.
Mancoeduca eta hondakinak
Mundu guztiko pertsonek jada parte hartu dute hainbat ekimen, jarduera eta ekitalditan ingurumena zaintzearen alde. Ingurumenaren Mundu Egunaren ospakizunarekin bat egin nahi baduzu, hondakinak ongi kudeatzearen eta birziklapenaren gaineko Mancoeducaren jarduera hauetakoren bat egin dezakezu:
-
Zerez egina nago? (Haur Hezkuntza)
-
Gongora: bereizi, birziklatzeko (Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailak)
-
Naturazaborra biltzen (Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailak)
-
Gongora: hondakina izatetik baliabide izatera (Bigarren Hezkuntza)
-
Gure ingurunea garbitzen: naturazaborra (Bigarren Hezkuntza)