Ezagutzen al duzu Eugiko urtegia?
Eugiko urtegia 1968 eta 1971 artean eraiki zuten, eta arrasto esanguratsua utzi du Nafarroako Foru Komunitatean. Eugitik gertu kokatuta, Arga ibaiaren goi-ibarrean, oinarri giltzarria bihurtu da Iruñearen eta bere inguruen hiri-, demografia- eta industria-hazkunderako, 1973an inauguratu zutenetik.
Nafarroan daudenen artean, edukiera handiena duen bosgarrena da urtegi hau, eta Iruñerrian kontsumitzen den uraren % 40 baino gehiago hornitzen du. 2.721 metroko luzera du, 1.444 metroko zabalera maximoa eta 199,75 hektareako azalera, eta urez hornitzeko ez ezik, elektrizitatea sortzeko eta Arga ibaiaren emari ekologikoa zaintzeko ere balio du, ibai-ekosistemen babesari lagunduz. Ur-iturri hau bizilagun gutxiko ingurune batean dago, industriako eta abeltzaintzako kutsatzailerik ez duenean, eta, hartara, nabarmentzekoa da bertako uraren kalitate handia.
Urtegitik Iruñerriraino
1976an, Urtasungo Edateko Uren Tratamendu Estazioa eraiki zuten, Eugiko urtegiko hornidura hidrikoa tratatzeko eginkizuna duen funtsezko pieza, hartara, Iruñerria hornitzeko. Tratamendu-estazio horrek bermatzen du osasun-araudi zorrotzak betetzen direla, ura tratatzeko prozesuaren bidez. Tratatutako ura Mendillorriko ur-biltegietan biltzen da, eta hornidura-sarearen bidez banatzen da, etxebizitza, lantegi eta zerbitzuetara iristeko Iruñea eta Iruñerri osoan. Oinarrizko prozesua da ur-hornidura garbia eta fidagarria lortzeko.
Berotze globala eta urtegia
Iruñean, urtegi hau ezinbestekoa da ur-hornidurarako, bereziki, ekainetik irailerako hilabete lehorretan. 2022a azken 25 urteetako urte lehorrena izan zen, eta horrek eragina izan zuen urtegiaren bolumenean eta klima-ziurgabetasuna nabarmendu zuen. Nahiz eta Iruñerrian ur-iturri alternatiboak ditugun, erabakigarria da ura eta ingurumena zaintzearen garrantzia gogoraraztea, hornidura iraunkor bat ziurtatzeko. Urtegia babesteak ura bermatzen du, eta, gainera, klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko balio du!
Eugiko urtegiaz gehiago jakin nahi baduzu, erreparatu arretaz infografia honi:
Hel diezaiegun hurrengo 50 urteei!