Uraren Mundu Eguna: Artetako lurpeko urak

Iritsi da Uraren Mundu Eguna! Aurten, lurpeko uren garrantzian jarriko du arreta. Horrenbestez, aukera ezin hobea da Artetako iturburuaz hitz egiteko eta Iruñerriari egiten dion ezinbesteko ekarpena gogora ekartzeko. Egin dezagun ikusgai ikusezina!

Uraren Mundu Eguna ospatzeko proposamena 1992an egin zen, Nazio Batuen Erakundeak ingurumenaren eta garapenaren gainean Rio de Janeiron egin zuen konferentzian. Handik laster, erakunde horretako Batzar Nagusiak martxoaren 22a izendatu zuen Uraren Mundu Eguna, eta 1993an hasi zen ospatzen.

Zergatik da beharrezkoa egun hau? Nahiz eta ura presente dagoen mota guztietako jardueretan, oraindik ere, mundu osoko 10 pertsonatatik 3k ez dute eskuragarri edateko ona den ura. Nazio mailan, nabarmendu behar da 30 urte eskasean, 1980 eta 2010 artean, prezipitazioak %18 gutxitu zirela. Krisi honen gaineko datu gehiago badago ere, agerian gelditzen da uraren garrantzia ikusgai egiteko egun bat behar dela.

Garapen Iraunkorrerako 6. Helburuak (Ura eta saneamendua denontzat 2030ean) adierazten duen moduan, ura funtsezko baliabidea da gizakion bizirako, eta bai ekosistemen osasunerako ere. Hori dela-eta, oinarrizko likido hau zaindu eta baloratu behar dugu eta ematen diogun erabileraren jakitun izan behar dugu.

Zergatik hitz egin lurpeko urez? Hainbat arlotan kontsumitzen den uraren zati handi bat ematen dutelako: etxebizitzetan, industriako prozesuetan, elikagaiak ekoiztean, saneamenduan…

Artetako iturburuaren kasuan, Ollaranen, Iruñerria urez hornitzen du 1895az geroztik, eta kontsumitzen den ur guztiaren ia erdiaren jatorria da. Egillorko Edateko Uren Tratamendu Estazioan egiten da edangarri, eta, gainera, Udarbeko erreka elikatzen du eta energia hidroelektrikoa ekoizten du.

Gehiago jakin nahi duzu? Iturburutik 100 bat metrotara Lurpeko Uren Informazio eta Sentsibilizazio Zentroa dago, eta bertan maketak, joko interaktiboak eta hainbat baliabide daude, geologiaren bilakaera eta Andia mendilerroko akuiferotik datorren uraren ezaugarriak ezagutzen laguntzeko.

Anima zaitez jardueretan parte hartzera!

Lurpeko urak hobeki ezagutzen dituzun eta aurtengo Uraren Mundu Eguneko protagonistak zergatik diren badakizun honetan, anima zaitez gai honekin lotuta Mancoeducan dauzkagun jardueretan parte hartzera!

Iruzkinak