Ospatu dezagun Uraren Mundu Eguna

Heldu den martxoaren 22an Uraren Mundu Eguna ospatzeko elkartuko gara, “Ura bakerako” lelo inspiratzailearen pean. Egun berezi honek ur gezaren garrantziaren gainean hausnartzera bultzatuko gaitu, ez bakarrik ur horren erabilgarritasun praktikoarengatik, baizik eta biziari modu guztietan eusten dion eta bizikidetza baketsua, harmonia globala eta ongizate kolektiboa sustatzen duen ezinbesteko baliabidea delako.

Uraren ezinbesteko garrantzia


Ura funtsezkoa da bizirako forma guztietan. Gure planetan, gizakion, animalien eta landareen existentziarako oinarria da. Ura eskuragarri edukitzea eta ur hori kalitatekoa izatea erabakigarriak dira osasun eta ongizate orokorrerako, eta bizitzeko eginkizunak betetzen ditu, hasi hidratatzetik eta elikagaiak ekoiztera eta gure ekosistemetan biodibertsitateari eustera doazen eginkizunak. Gainera, ura oinarrizko euskarria da industriarako eta kulturarako, eta gure bizitzak eta komunitateak aberasten ditu. Alde horretatik, pertsona guztiek ur garbia eta segurua eskuratu ahal izatea bermatzea konpromiso komuna da, baterakoa, babestu behar dugun giza eskubidea.

Ura eta bakea


Urak komunitateak eta nazioak batu edo zatitzeko ahalmena du, bakeari eta oparotasunari eraginez mundu-mailan. Ur gezaren eskuragarritasun mugatuak eta haren kutsadurak, ezinbesteko baliabide honen banaketa desberdinarekin batera, tirabirak areagotu ditzake eta gatazkak piztu herrialdeen artean eta bai herrialdeen barnean ere. Egoera horiek agerian jartzen dute baliabide hidrikoak administratzean elkarlaneko ikuspegiak eta ikuspegi bidezkoak edo ekitatiboak hartzearen garrantzia, gizarteek egonkortasun handiago baterantz aurrera egiteko aukera izan dezaten, hala, garapen iraunkorra eta bizikidetza baketsua sustatuz.

Ur-hornikuntza Iruñerrian


Egun horren harira, iturburuen, urtegien eta ur-biltegien ezinbesteko garrantzia nabarmentzen dugu, komunitateetarako kalitateko ura eskuratu ahal izatea bermatzeko. Gordailu gisa funtzionatzen dute, ura pilatuz ugari den garaietan eta, hartara, eskas den garaietan erabili ahal izateko.


Horren adibide nabaria Eugiko urtegia da, zeinak duela gutxi 50 urte bete zituen Iruñerria urez hornitzen. Urtegi horren existentzia funtsezkoa izan da urez hornitzeko eta eskualde honetako biztanleria-, hiri- eta industria-garapenerako, eta, horrez gain, oinarrizko eginkizuna izan du ingurumena kontserbatzean eta energia garbia sortzean.


Modu osagarrian, Mendillorriko ur-biltegiek eginkizun garrantzitsua dute iturburu eta urtegietako ura biltegiratzean, barne hartuta Eugiko eta Itoizko urtegietakoa. Mendillorriko Uren Etxean, bisitariek "Uraren bidaia" erakusketa eta beste asko esplora ditzakete, eta, era berean, berdeguneez eta aisiarako guneez goza dezakete.

Eguneroko ekintzak, ura kontserbatzeko


Gure eguneroko bizimoduan ura zaintzea oinarrizko pausoa da iraunkortasunerantz. Hori dela-eta, jardunbide erraz eta soilak gauzatzera animatu nahi zaitugu, besteak beste, kanila ixtea hortz-haginak eskuilatzen ditugun bitartean, dutxa laburrak hartzea, euri-ura erabiltzea landareak ureztatzeko, ur-ihesak konpontzea eta etxetresna elektriko eraginkorrak erabiltzea. Uraren erabilera kontzienteari buruzko heziketa etxean has daiteke eta gure komunitateetara heda daiteke, alferrik galtzea murrizten duten eta ezinbestekoa den baliabide honekiko estimua handitzen duten ohitura positiboak bultzatuz. Uraren Mundu Egunaren aitzakian, har dezagun uraren zaintzaileak izateko konpromisoa, bake-etorkizun bat eraikitzeko bidea emango diguten ekintzak gauzatuz.

 

 

#UrarenEguna #UrarenMunduEguna #TantaBakoitzakAxolaDu #UraBakerako

 

HARPIDETU ZAITEZ - Mancoeduca

Iruzkinak