Ingurumenaren Mundu Eguna: Lur bakarra dugu!

Urtero bezala, ekainaren 5a Ingurumenaren Mundu Eguna izango da, oso egun garrantzitsua gogoan izateko ingurumen-babesa ez dugula utzi behar alde batera. Parte hartu nahi duzu zeregin horretan lagunduko duten jardueretan? Jarri arreta prestatu dugun guztian!

Aurten, Suediako Gobernua arduratuko da Ingurumenaren Mundu Eguna hartzeaz, NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programarekin aliantzan. “Lur bakarra” lelopean, ekitaldiak gogorarazi nahi digu Lur bakarra dugula, harmonian edo adiskidetasunean bizi behar dugula naturarekin eta bizimodu iraunkorraren alde egin behar dugula, gure planeta kontserbatu nahi badugu.

Europako Aste Berdearen barnean sartuta aurten, Ingurumenaren Mundu Egunak premiazkoenak diren ingurumen-arazoetan jarriko du arreta: klima-aldaketa, biodibertsitatea galtzea eta kutsadura. Hain zuzen, gai horiek beti gogoan ditu Mancoeducak eta hainbat jarduera eta baliabide ditugu lantzeko. Gure webgunearen bidez kontsultatu eta eska ditzakezu.

JARDUEREN AGENDA 

Maiatzaren 20a eta ekainaren 11 artean, ingurumena zaintzearekin lotutako jarduera eta gertaera ugari izango dugu. Jarraian, nagusiak daude zerrendatuta, ekimenetakoren batekin bat egin nahi baduzu, jakiteko.

Maiatzaren 20tik 22ra: Espainiako Floraren II. Biomaratoia

Biomaratoia maiatzaren 20a eta 22a artean egingo da. Mancoeducak jarduera bat antolatu du 20rako, ostirala, Ibai Parkera atera eta flora bilatzen eta aurkitzen dituzuen espezieak erregistratzen laguntzeko. Jarduera hau, hain zuzen, Bigarren Hezkuntzako ikasle eta irakasleentzat pentsatuta dago.

Biomaratoiaren albistean daude argibide guztiak. Anima zaitezte eta lagundu zientzia-komunitateari!

Maiatzaren 20an: Erleen Mundu Eguna

Maiatzaren 20a Erleen Mundu Eguna da, gizakiok bizirik irauteko polinizatzaile horien mende gaudela gogora ekartzeko eguna: elikagai-hazkuntza gehienak haien mende daude. Gainera, funtsezkoak dira ekosistemek bizirik irauteko eta biodibertsitatea kontserbatzeko. Baina, beste espezie polinizatzaile batzuk bezala, erleak galzorian daude gizakion jardunarengatik.

Egungo klima-krisiaren larritasuna aintzat hartuta, urgentziazkoa da erleak kontserbatzearen inguruko kontzientzia sortzea. Zorionez, Iruñerrian Areatzea Resort dugu, intsektuentzako hotela. Erle bakartien espeziea hartzeko diseinatuta dago, azken urteetan gainbehera dagoena, nagusiki, ekosistemak galtzen ari direlako eta pestizida asko erabiltzen dugulako.

Eman begiratu bat resortaren webgune ofizialari!

Maiatzaren 21ean: Atarrabia garbi!

Maiatzaren 21ean, larunbata, anima zaitez Atarrabiako Udalarekin antolatutako ekitaldi batean parte hartzera, hondakinak botata uztearen kontra borrokatzeko. Puzgarria, street escape familiarra… Dibertimendua eta iraunkortasuna familia osoarentzat! Gehiago jakiteko, begiratu Twitterreko gure argitalpena.

Maiatzaren 30a eta ekainaren 5a artean: Europako Aste Berdea

Europako ingurumen-politikari dagokionez, urteko ekitaldi nabarmenena da, eta asmoa du interesa duten aldeen artean eztabaida sortzea, bai Europa mailan, bai nazio edo toki mailan ere. Aurten, Europako Itun Berdean jarriko du arreta eta hainbat konferentzia egingo dira Europa osoan. Lehenbizikoa maiatzaren 30ean izango da, Bruselan, eta telematikoki parte hartu ahal izango da. Parte hartzeko, webgune ofizialean erregistratu besterik ez da egin behar.

Ekainaren 5ean: Ingurumenaren Mundu Eguna

Ingurumenaren Mundu Egunaren aurrekoetan, ekainaren 2an eta 3an, Stockholmen Stockholm+50: planeta osasuntsu bat denon oparotasunerako –gure ardura, gure aukera nazioarteko bilera egingo dute. Bilera horretan, hain zuzen, hainbat gairen gainean hausnartuko dute, besteak beste, planetaren osasunaren eta COVID-19aren pandemiatik modu iraunkorrean suspertzea bilatzearen gainean. Aukera ezin hobea izango da gizarte iraunkorrago baterantz aurrera egiten lagunduko duen nazioarteko lankidetzarako.

Ekainaren 10ean eta 11n: Libera proiektua

“Libera, batuta naturako zaborren aurka” proiektua SEO/BirdLife erakundeak sortutakoa da, Ecoembesekin elkarlanean, eta aurten, berriro ere, naturguneetan botata uzten diren hondakinen kontra borrokatzea izango du helburua. Elkarlaneko bilketa ekainaren 11n izango da. Eta horrez gain, Mancoeducak jarduera bat egingo du ekainaren 10ean, ostirala, ikastetxeetatik joateko eta pertsona bakoitzeko metro koadro bat biltzen laguntzeko.

Argibide gehiagotarako, sartu gure webgunean edo deitu 948 203 444 telefono-zenbakira.

Zaindu dezagun ingurumena!

Iruzkinak