Eredu zirkularraz, prebentzioaz eta hondakinak murrizteaz hitz egiteko unea iritsi da. Hondakinen moda pasatu dela uste baduzu, egin ezazu Mancoeducarekin bat Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean!
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea
Azaroa iristen den guztietan bezala, aurten ere hemen dugu Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea, europarrei baliabideak eta hondakinak modu iraunkorrean kudeatzearen inguruko kontzientzia harrarazteko xedea duen ekimena. Aste honetan gauzatzen diren ekintzek urrezko hiru arauetan jartzen dute arreta: kontsumoa murriztea, jada badauden produktuak eta materialak berrerabiltzea, eta hondakin bihurtu direnak birziklatzea.
Aurten, azaroaren 19tik 27ra egingo da aste hori, “Hondakinen moda pasatu da!” lelopean. Ehun zirkularrak eta iraunkorrak erabiltzearen alde egiten du, hain zuzen, ehungintza baita egun gehien kutsatzen duen industrietako bat eta planetarako eta biztanleontzako kaltegarrienetako bat.
Parte hartu nahi duzu Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean? Zenbait jarduera eta baliabide dituzu eskura, egiteko.
Elikagaiak alferrik galtzearen inguruko ekintzak
Beste urte batez, Nafarroako Elikagaien Bankuak elikagaien bilketa handia antolatu du azaroaren 25 eta 26rako, eta boluntarioak behar dituzte horretan jarduteko. Aukera ezin hobea izango da gehien behar dutenei laguntzeko!
Elikagaiak alferrik galtzearen gaia ikasleekin lantzeko interesa baduzu, berriz, gure unitate didaktikoak egitera animatu nahi zaitugu, hezkuntza-etapa bakoitzera egokituta baitaude.
-
Nik janaria aprobetxatzen dut (Haur Hezkuntza)
-
Jan-edanak alferrik galtzea (Lehen Hezkuntza)
-
Jan-edanak alferrik galtzea. 2030erako helburua (Bigarren Hezkuntza)
Ehun zirkularren inguruko ekintzak
Atarrabiako Pilategian dagoen True Colors erakusketa bisitatzera gonbidatu nahi zaitugu, bertan Donibane Li-LHko Erdi mailako Lanbide Heziketako ikasleek LGTBI+ banderaren koloreetan inspiratutako eta berrerabilitako materialez egindako poltsen bilduma bat sortu dute.
Gainera, ehun zirkular eta iraunkorren inguruan ikasteko, hainbat jarduera eta baliabide dituzu eskura gure webgunean:
-
Arropa, janzteko eta askoz gehiagorako! (Haur Hezkuntza 1., 2. eta 3. mailak)
-
Altxor bat nire zaborran (Lehen Hezkuntza 4., 5. eta 6. mailak)
-
Ez arropa gehiago, eman beste erabilera bat (Lehen Hezkuntza 4., 5. eta 6. mailak)
-
Zer da upcycling-a? (Lehen Hezkuntza)
-
Trap Moda (DBH eta Erdi-mailako LH)
-
Trapeatzen (DBH, Erdi-mailako LH eta Oinarrizko LH)
Horrez gain, eraldatzeko duzun ahalmena probatu ahal duzu, Iruñerriko Mankomunitatearen joko interaktiboaren bidez, eta hondakinak prebenitu eta gutxitzeari buruz zenbat dakizun ikusi.
Ez ahaztu: hondakinen moda pasatu da!