Beste urte batez, hemen da Uraren Mundu Eguna, ura zaintzeko orduan banakoon ekintzek funtsezko eginkizuna dutela gogorarazteko. Animatzen zara zure hondar-aletxoa jartzera?
Uraren Mundu Eguna
2023an 30 urte beteko dira martxoaren 22a heltzen den bakoitzean Uraren Mundu Eguna ospatzen hasi zenetik. Urak gure bizitzan duen garrantzia nabarmentzen duen ekimen bat da, hain zuzen, eta, horrez gain, uraren eta saneamenduaren inguruan mundu osoan oraindik ere badauden arazoak ikusgai egiten saiatzen da.
Aurten, egun honen ospakizuna Nazio Batuen Erakundeak urari buruz 2023 honetan egingo duen batzarrarekin batera iritsiko da, erakunde hori martxoaren 22a eta 24a artean elkartuko baita New Yorken. Aukera ezin hobea izango da bai gobernuentzat eta bai gizarte osoarentzat ere Garapen Iraunkorrerako 6. Helburuan, ur garbia eta saneamendua aldarrikatzekoan, aurrera egitea sustatzen duten konpromisoak hartzeko, helburu hori errealitate izatetik urrun baitago oraindik ere.
Gogora ekarri behar da egun 10 pertsonatik 3k ez dutela eskuragarri edateko ur segurua eta 10 pertsonatik 6k ez dutela kalitateko saneamendu-instalaziorik. Azken horrek, gainera, berekin ekartzen du ibaiak eta itsasoak kutsatzea. Gainera, biztanleen % 40k baino gehiagok ur-eskasia dute, ibai, aintzira eta akuiferoetatik ateratzen den uraren zati handi bat ureztatzera bideratzen den bitartean.
Ekintza txikiak, aldaketa bizkortzeko
“Izan munduan ikusi nahi duzun aldaketa” lelopean, Uraren Mundu Egunak gizarteko sektore guztiak bultzatu nahi ditu aldaketa bizkortzeko eta uraren eta saneamenduaren krisia borrokatzeko neurriak hartzera. Urak denoi eragiten digu, eta, horrenbestez, banako guztiok gauzatu behar ditugu ekintzak, helburuak lortu ahal izateko.
Mancoeducan, ikastetxeok ere zuen hondar-aletxoa jartzea nahi dugu, eta, horretarako, hori erraztuko dizueten baliabide batzuk prestatu ditugu:
Aparteko baliabideak!
Badakizu aurten 50 urte beteko direla Eugiko urtegia inauguratu zenetik? Iruñerriko ur-hornikuntzaren historian pieza giltzarria da urtegi hori eta, hori dela-eta, informazio guztia eta datu bitxiak bildu ditugu infografia interaktibo batean:
Iruñerriko ur-hornikuntzari buruz gehiago jakin nahi baduzu, begiratu jarraian dagoen infografia, ura biltegiratzeari eta kontsumitzeari buruzko datuak eta askoz ere gehiago baitauka!